AROA FERNANDEZEK IRABAZI DU EUSKAL AUTORE EMAKUMEENTZAKO FILM LABURREN I. GIDOI LEHIAKETA

  • Aitor Enerizek, Euskadiko Gidoigileen Elkarteko presidenteak, eman zuen saria ekainaren 8ko gauean Bilboko Bilborock aretoan, Caostica jaialdiaren programazioaren barruan.
  • Lehiaketako bi proiektu finalistak Tamara Lucariniren “El hombre efeméride” eta Oihane Oyarzabalen “Dani the girl” izan ziren.
  • Aroa Fernandezen “Helduak gara” gidoiak  600€ eta garaikurra jaso zituen, Maider Oleagak, Olatz Beobidek eta Tamara García Iglesiasek osatutako epaimahaiaren ebazpenaren ondoren.

 

Bilbo, 2024ko ekainaren 10a. Aiako (Gipuzkoa) Aroa Fernandez gidoigileak, Euskal Autore Emakumeentzako Film Laburren I. Gidoi Lehiaketa irabazi du. Gidoi – Euskadiko Gidoigileen Elkarteak antolatu du, Caostica Nazioarteko Film Labur eta Bideoklipen Jaialdiarekin lankidetzan eta (H)emen elkartearen laguntzarekin. Lehiaketaren lehen edizioa izan da aurtengoa, eta emakumeen artean gidoiaren idazketa sustatzeko eta gidoiaren idazketaren esparruan emakumeak profesionalizatzen laguntzeko bultzada moduan jaio da.

“Helduak gara” komedia dramatiko garaikideak, Aitor Enerizek (Euskadiko Gidoigileen Elkarteko presidentea) emandako 600€ko saria eta garaikurra jaso ditu, ekainaren 8ko gauean, Bilboko Bilborock aretoan, Caostica jaialdiaren programazioaren barruan.

Saria jasotzean, Aroak ekimenari buruz «zinema egiteko ilusio hori izaten jarraitzen animatzen gaitu» esan zuen, antolakuntzari zorionak emanez.

Maider Oleagak (gidoilaria eta zinema zuzendaria), Olatz Beobidek (aktorea, zuzendaria eta ekoizlea) eta Tamara García Iglesiasek (zinema zuzendaria, gidoilaria eta ekoizlea) osatutako epaimahaiak, lehiaketan orokorrean jasotako proiektuen maila altua nabarmendu zuen. Gainera, jasotako proiektuak gai eta genero ugari jorratzen dituztela ohartarazi zuen, proposamen narratiboetan aniztasun aberatsa erakutsiz. Proiektu irabazleari dagokionez, “Helduak gara” lanaren idazketaren kalitatea, elkarrizketa bikainak, irakurleak historiarekin duen lotura emozionala, gaiaren gaurkotasuna eta bere sinpletasuna azpimarratu zituen.

Sari-banaketaren goizean, Aroa Fernandezek eta bai Tamara Lucarini eta Oihane Oyarzabal finalistek, beren proiektuak aurkezteko aukera izan zuten Euskal Laburmetrai Azokan izan ziren hainbat ekoizleren eta banatzaileren aurrean. Industry izaerako ekitaldi hau Gidoi – Euskadiko Gidoigileen Elkarteak antolatu zuen, Caostica Film Labur eta Bideoklipen Nazioarteko Jaialdiarekin lankidetzan eta (H) emen, Epe-Ibaia, APIKA, ECPV, Bilboko Udala, Bizkaiko Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin.

Euskal Laburmetrai Azokak, bere lehen edizioa ere ospatu zuena ekainaren 8an, larunbat goizean izan zuen zita Bilboko Bilborock Aretoan. Jardunaldia 10:00etan hasi zen, Iratxe Fresnedak gidatutako eta Maider Oleagak, Sonia Paciosek, Carmen Lacasak eta Eguzkiñe Aranzibiak osatutako mahai-inguruarekin. Bertan, film laburren industriak Euskal Herriko egungo panoraman dituen berezitasunak azaldu ziren. Ondoren, Eusko Jaurlaritzako (Aitziber Atorrasagasti), Bizkaiko Foru Aldundiko (Begoña de Ibarra) eta ETBko (Vanesa Fernández) ordezkariak izan ziren hizlari. Gero, lehiaketako finalisten txanda izan zen, eta, Aitor Eneriz moderatzaile zutela, euren proiektuak azaldu zituzten. Eta, azkenik, goiza Networking Session batekin amaitu zen. Giro paregabean, bertaratutako guztiek esperientziak partekatu eta ikus-entzunezkoen euskal industriaren berrikuntzak ezagutu ahal izan zituzten.

 

AROA FERNANDEZI BURUZ

Aia, 1998. Zuzendaria eta gidoigilea. Ikus-entzunezko Komunikazioan graduatu zen Euskal Herriko Unibertsitatean (UPV/EHU), eta zuzendaritza zinematografikoan espezializatu zen Instituto del Cine Madrid-en. Gaur egun, Aukeran (Hemen) dago, emakumeek sortutako film laburren proiektuetarako mentoria-programan, “Itsas-epel” proiektuarekin. 

“Helduak gara” film laburraren sinopsia: Miren eta Xabi elkarrekin esnatzen dira azkenaren etxean gaua elkarrekin igaro ondoren. Biek geratu nahi dute, baina presio sozialen ondorioz, Xabik alde egitea nahi duela uste du Mirenek, eta Xabik, berriz, Mirenek alde egitea nahiago duela uste du. Hala ere,bietako inork ez du benetan elkarrengandik banandu nahi. Benetako desirak adierazi beharrean, besteak bere ustetan beraietaz espero dutenaren arabera jokatuko dute.

 

LEHIAKETARI BURUZ 

Euskadin jaiotako edo Euskal Autonomia Erkidegoan erroldatutako adin nagusiko emakume autore guztiei zuzendua. Argitaragabeko, fikziozkoak (dokumentalak ez direnak), gai librekoak eta gaztelaniaz nahiz euskaraz idatzita egon daitezkeen gidoiak bilatzen dituena.

Madrilgo Karlos III.a Unibertsitateak Espainiako gidogileen egoerari buruz argitaratu duen azken ikerlanaren datu garrantzitsuenetako batek, gidoigile lanbidean aritzen diren pertsonen %35a bakarrik direla emakumeak adierazten du. Gure elkartean, aldiz, bazkideen %25a baino ez dira emakumeak. Horrexegatik, sortu berri den lehiaketa honek, emakumeen artean gidoien idazketa sustatzea, gidoien idazketaren esparruan emakumeak profesionalizatzen laguntzea eta gure elkartea, Gidoi, errealitate horren aurrean ekintza hartzen duen elkarte gisa kokatzea du helburu.

Informazio gehiago hemen: https://www.gidoi.com/eu/nace-el-i-concurso-de-guion-de-cortometraje-para-autoras-vascas-organizado-por-gidoi-asociacion-de-guionistas-de-euskadi/

Sari-banaketaren bideo streaminga: https://www.youtube.com/watch?v=biZhjdm6C1s&t=1623s

 

AZOKARI BURUZ

Ekimen hau gure ikus-entzunezko industriaren balio-katearen lehen maila indartzeko asmoz sortu da: FILM LABURRA. Formatu laburra sustatu, ikusarazi eta bere sorkuntza bultzatu nahi dugu, bereziki emakumeen artean, eta sortzaile, ekoizle, banatzaile eta gainerako eragileek interesak partekatzeko topagune bat sortu nahi dugu.

Informazio gehiago hemen: https://www.gidoi.com/eu/la-i-edicion-del-mercado-del-cortometraje-vasco-se-celebrara-en-bilborock-el-8-de-junio/

Euskal Film Laburren Merkatuaren bideo streaminga: https://www.youtube.com/watch?v=-tHXpWm3Bho&t=504s

 

GIDOI – EUSKADIKO GIDOIGILEEN ELKARTEARI BURUZ

1995etik bere bazkideen interesak defendatzen ditu. Era guztietako prestakuntza-jarduerak egiten ditu gidoigileen gaitasunak sustatzeko, eta topaketak, hitzaldiak edo kolaborazioak antolatzen ditu jaialdiekin, gidoigilearen lan profesionala eta gidoiaren garrantzia ikusarazteko eta zabaltzeko, ikus-entzunezko edozein obraren jatorria baita. Gainera, Euskadin gidoiaren sektorea profesionalizatzeko beharrezkoak diren harreman instituzionalak garatzen ditu. Elkartea FAGAko (Gidoigileen Elkarteen Foroa) eta FSEko (Federation of Screenwriters in Europe) kidea da.

Informazio gehiago hemen:

https://www.gidoi.com/eu/quienes-somos/

Comments are closed.