Jaurlaritzaren gidoien sorkuntzarako diru-laguntzak 2019

Kultur sorkuntzarako deialdiaren berri eman du gaur Eusko Jaurlaritzak. Erakundeak sormena bultzatzera zuzendutako 362.800 €ko aurrekontu osotik, 104.000 € -ko kopura bideratuko dute gidoigintzara.

Argazkia: @craftedbygc

2017tik aurrera Eusko Jaurlaritzaren zinemarako laguntzen egiturak bi helburu nagusi izango zituela iragarri zuten orain bi urte Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak, Joxean Muñoz Kultura sailburuordeak eta Aitziber Atorrasagasti Kultura Sustatzeko zuzendariak: batetik, talentu berriak detektatu eta haiek sustatu eta zaindu nahi zituztela; eta bestetik, lanak nazioartekotzeko helburua izango zutela, koprodukzioaren bidez, nagusiki. Horretarako, hainbat aldaketa proposatu zituzten, bai gidoien sorkuntzara bideratutako laguntzetan, baita proiektuen garapen eta ekoizpenerako laguntzetan ere.

Eredu berriari jarraiki argitaratu dituzte orduztik egindako deialdiak, 2019ko Kultur Sorkuntza hauspotuko duen azkeneko hau barne. Orotara, 362.800 €-ko aurrekontua atondu dute, kultur adierazpide desberdinen artean banatzeko: antzerki testuak, musika konposizioak, euskarazko literatur testuak, euskarazko ipun edo eleberri laburrak, koreografiak eta, noski, ikus-entzunezko proiektuentzako gidoiak.

Hala, 104.00 €-ko diru kopurua bideratuko du EJak gidoigintza suspertzeko. Gehienez ere bi proposamen aurkeztu ahalko dira deialdira, eta apirilaren 8ra arte luzatuko da harrera epea. Iragarri dute bi fasetan egingo dutela proiektuen balorazio eta hautaketa, eta proiektu hautagaiek 45 puntuko emaitza minimoa izan beharko dutela batetik bestera igarotzeko. Eskatzaileak 18 urtetik gorako profesionalak izango dira, ezinbestean EAEn jaio edo bizileku dutenak.

Aurkeztu beharreko materialari dagokionez, kanporaketa kausa izango da eskatzaileak guztiz garaturako gidoia aurkeztea. Izan ere, garapen prozesua hauspotzea du xede deialdiak, eta gidoien tratamendu proposamenak galdegin dituzte horretarako. Horrekin batera, eskaria egiten duen profesionalaren ibilbide eta lanari buruzko dokumentazioa aurkeztu beharko da ere.

Online bidez zabaldu dituzte kultur deialdi osoa zein, gidoingintzarako atalaren kasuan, aurkeztu beharreko dokumentazioaren zehaztapenak.

Iturria:

Gidoien sorkuntzarako laguntza deialdia zabaldu du Jaurlaritzak

 

Comments are closed.