Aurten Euskal Zinemak Gidoi Saria izango du Zinemaldian

Euskal Herriko Gidoigileen Elkarte Profesionalak (EHGEP) “Euskal Gidoi Onenari Saria” emango du Donostiako Zinemaldian ematen den Euskal Zinemaren Galaren barruan.

Aurten bere 20. urteurrena ospatzen duela eta, Euskal Herriko Gidoigileen Elkarte Profesionalak “Euskal Gidoi Onenari Saria” emango du lehenengo aldiz, Zinemaldiko atal ezberdinetan estreinatzen diren fizkiozko luzemetraien artean (gutxienez %20 euskal ekoizpena dutenak) eta sariduna euskal gidoigile bat izango delarik.
Aurreneko emanaldi honetan, saria erabakiko duen epaimahaia Leire Apellaniz, Aitor Arregi eta Aitor Merino euskal zinemagileek osatuko dute.

Saria Joanes Urkixo elkarteko presidenteak emango du Euskal Zinemaren Galaren barruan.

Epaimahaia:

Leire Apellaniz (Bilbo, 1975)
Gaur egun Donostiako Zinemaldiko, Sevillako Europar Zinemaldiko eta Kanaria Handiko Las Palmaseko Nazioarteko Jaialdiko sail teknikoen arduraduna da. Zinema ekoizpen ezberdinetan ekoizpen buru eta zuzendaritza laguntzaile lanetan aritu da, besteak beste Moriarti Produkzioak ekoiztutako eta Jorge Gil Munarrizek zuzendutako El método Arrieta dokumentala, edo Aritz Morenok zuzendutako eta nazioarteko hainbat zinemaldi garrantzitsutan emandako Cólera laburmetraia. Aritz Moreno bere lankidearekin batera sortutako Sr. & Sra. ekoiztetxea dela medio, gidoigile eta zuzendari bezala bere lehen lan pertsonala izango den El último verano dokumental luzea amaitzeko lanetan dabil.

 Aitor Arregi (Oñati, 1977)
Moriarti Produkzioak-eko kidea den aldetik ekoiztetxe honetako hainbat proiektutan hartu du parte, eginkizun ezberdinak bere gain hartuz: besteak beste, Sahara Marathon eta Goya Sarietara izendatutako Lucio dokumentaletan gidoilari kide eta zuzendari kide lanetan aritu zen. Horretaz gain Glup eta Cristobal Molón animaziozko film luzeen zuzendari kidea ere bada, eta Loreak filmean gidoilari kide eta ekoizle exekutibo lanak egin ditu. 2014 urtean Zarautzen erosi zuen film laburra zuzendu zuen, Kimuak euskal laburmetraien katalogoan sartu zirelarik.

Aitor Merino (Donostia, 1972)
Bere ibilbidea batez ere telebista, zinema eta antzerkian aktore lanetan egin du. Hogeitik gora filmetan parte hartu du, besteak beste Montxo Armendariz, Pilar Miró, Carlos Saura Medrano, Manuel Matji eta Icíar Bollaín zuzendarien agindupean lan eginez. Zuzendari bezala, El pan nuestro bere film laburra estatu mailako eta nazioarteko jaialdi ugaritan saritua izan zen, baita Goya Sarietarako izendatua izan ere. Asier ETA biok bere lehen dokumental luzea (Amaia Merinorekin elkarlanean zuzendua), Donostiako Zinemaldiko 61. edizioan Irizar Saria jaso eta nazioarteko zenbait sari irabazi zituen.

Comments are closed.